Hona hemen Nazioarteko Kirol Medikuntzako Federazioak umeen eta gaztetxoen kirol-asmoekiko eman dituen aholkuak:
- Lehia-kirolean hasi aurretik, haur guztiei medikuaren azterketa sakona egin behar zaie. Horrela, alde batetik lehia-kirolean hasten diren haurrek ez dutela osasun-arazorik jakin ahal izango da; bestetik, medikuak haur bakoitzarentzat kirol egokiari buruzko eta entrenamendu-saio egokiei buruzko aholkuak eman ahal izango ditu. Hasierako azterketaz gain, noizbehinka egin beharreko azterketei epeak jartzea komeni da, gehiegizko entrenamenduaren ondoriorik ba ote dagoen ikusteko.
- Kirol-lanaz gain, entrenatzaileak erantzukizun pedagogikoa ere badu. Horregatik umeen garapenarekin zerikusia duten arazo biologiko, fisiko eta sozialak ezagutu behar ditu.
- Entrenatzaileak ume bakoitzaren gorabeherak ezagutu behar ditu, bakoitzaren gaitasunak kontuan hartu eta bakoitzari aukera egokienak eskaini. Umearen garapen orokorra entrenamenduaren eta lehiaren gainetik dago.
- Entrenamenduari izaera pedagogikoa ematen bazaio, umearen garapenarentzat ona izango da. Entrenamendua errendimenduan oinarritzen bada, osasun- eta garapen-arrazoiak medio, ez du balio. Gazteentzat ere balio du azken aholku honek.
- Umeek kirol askotan hartu behar dute parte, horrela gustukoena, euren izaera, interes eta ezaugarrietara ondoen egokitzen dena aukeratu ahal izango dute. Horrela egiten denean, arrakasta handiagoa izaten da eta porrot-sentsaziorik ez da izaten.
- Kontaktu fisikoa dagoen kiroletan umeak ez dira adinka sailaktu behar; heldutasunari, gorputzaren tamainari, trebetasunari eta sexuari egin behar zaiei jaramon.
- Lehia-saioen arauek eta iraupenek umeen adinerako egokiak izan behar dute; entrenamendu-saioek, berriz, laburrak eta ondo antolatuak. Ondo planifikatutako entrenamenduak, jardueraren optimizazioa lortzeaz gain, lesio-arriskua murrizten du.
- Pisu-altxaketa eta halterofilia (gurean harri-jasotzea) ez dira gomendagarriak eskeletoa hazi arte.
- Iraupen luzeko lasterketak umeentzat txarrak dira.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina